Arnaldo Otegi askatzeko Dei Irlandarra aurkeztu da gaur, azaroaren 19an, Leinster House, Irlandako Parlamentuan. Aurkezpenean, Fermin Muguruza kanpainaren sustatzaileak, Urko Aiartza Euskal senatari eta giza eskubideen abokatuak eta Robert Ballagh artista irlandarrak hartu dute hitza, hauetaz gain, Otegiren inguruko film labur bat proiektatu da.

Ekitaldia Gerry Adams TD, Maureen O’Sullivan TD eta Finian McGrath TD parlamentarien babesarekin burutu da eta hirurek hitz hartze labur bat izan dute ekitaldi hasieran. Gerry Adamsek Otegiren izandako harremanaz hitz egin eta babes osoa adierazi dio Euskal Herrian martxan den konponbide prozesuari.

Arnaldo Otegiren inguruko filma laburra proiektatu ostean Fermin Muguruza Kanpainaren sustatzaileak kanpaina abiatzeko arrazoiak azaldu ditu, Otegik jokatutako papera goraipatuz eta estatuak euskal presoekiko mantentzen duen jarrera arbuiatuz.

Robert Ballaghek adierazpena eta Irlandako deialdia babesten duten pertsonen izenak irakurri ditu, guztira 38 pertsonek babesten dute Deia: artistak, kirolariak, politikariak, elizgizonak, musikariak, unibertsitate irakasleak, idazleak, sindikalistak eta pertsona ezagunak barnebiltzen ditu zerrendak. Hauen artean bereziki esanguratsuak dira Wolfe Tones taldeko, Derek Warlfield; jatorri eskoziarra duen Michael Conroy, Celtics taldeko jokalari ohia; Patricia Mc Keown eta John Douglas UNISON eta ICTU sindikatuetako buruak, konfesio ezberdinetako 4 elizgizon, James Conollyren biloba eta Estormonteko Asanbladako lehenengo lehendakari izandako Lord Alderdice, egun Westminsterreko House of Lordseko kidea.

Ekitaldia bukatzeko Urko Aiartza euskal senatariak egungo egoeraren azalpen laburra egin eta nazioarteko babesaren garrantzia azpimarratu du, Urriaren bukaeran Irlandako Errepublikako Kanpo aferetako ministroak euskal prozesuari adierazitako babesa adibidetzat jarriz.

 

Sinatzaileen Zerrenda