Arnaldo Otegiren kaleratzea eta euskal preso politikoen hurbiltzea eskatzen duen nazioarteko deklarazioarekin bat egiten duten europar diputatuen zerrenda aurkeztu da gaur Bruselan. Basque Friendship Group-aren (Europako Parlamentuan euskal bake prozesua sustengatzen duen taldearen) ekimenez, hiru talde parlamentariotako (GUE/NGL, ALE/Berdeak eta ECR) 24 diputatuk azpimarratu dute Sortuko idazkari nagusiaren espetxetik ateratzea eta euskal preso politikoen hurbiltzea “giltzarri dela bake prozesuan aurrera egiteko”.

Prentsaurrekoaren protagonisten aurkezpena EH Bilduko europar diputatuak, Josu Juaristik, egin du: Hitza lehena hartzen Sinn Féineko europar diputatua Martina Anderson (GUE/NGL) izan da. Ondoren, N-VAko europar diputatu Mark Demesmaeker-en (ECR) txanda izan da, eta azkenik, ERC-MESeko europar diputatu Ernest Maragallek parte hartu du.

Sinn Féineko europar diputatuak azpimarratu du “Otegiren atxiloketa arrazoi politikoengatik soilik izan zela, eta nahiz eta ETAk bere ekintzak bertan behera uzten zituen iragarpen historikoa egin, espainiar estatuak kartzelan mantentzen du ezker abertzaleko buruzagia”. Horrekin batera, gogoratu du “edozein bake prozesutan presoek izan duten garrantzia, iraunkorra eta jarraitua izatea nahi bada”, eta adibide gisa jarri du Irlandako bake prozesua.

N-VAko europar diputatua den Mark Demesmaeker-ek adierazi du gaur babesten den adierazpena iragan martxoaren 24an Europako Parlamentuan bertan aurkeztu zena dela. Azken hilabeteotan sektore ezberdinetako eta munduko hainbat txokotako sostenguak jaso ditu deklarazio honek. Horrekin batera, Demesmaeker-ek azpimarratu du “Europar Batasunak bere mugetatik kanpo ematen diren gatazketan paper garrantzitsua duen bitartean, isiltasuna dela nagusi kide diren estatuetan ematen diren giza eskubideen bortxaketen aurrean”. Halaber, aldarrikatu egin du edozein bake prozesu “elkarren errespetuan oinarritu behar dela, eta ez garaile eta garaituen eskema batean”.

ERC-MES taldeko europar diputatu Ernest Maragall-ek bere taldekide den Josep-Maria Terricabras europar diputatuaren izenean ere hitz egin du, espainiar estatuak justiziaren inguruan duen ikuspuntua kritikatuz, “oso urrun Europako Batasunak dituen baremoetatik, Otegi kartzelan mantentzeak erakusten duen moduan”. Horrekin batera, adierazi du “espainiar estatuak ezin duela jasan Otegi aske uztearen irudia, horrek sekulako askatasun eta itxaropen olatua ekarriko bailuke. Sinbolo handiegia da eta bera espetxean izateak Euskal Herriaren askatasunaren isla nabarmenena da”. Gogorarazi du Maragallek gaurkoa egun berezia dela, 75 urte betetzen baitira Frankismoak Companys president-a fusilatu zuela.

Prentsa agerraldiaren amaieran, kazetarien galderei erantzunez, EH Bilduko europar diputatuak, Josu Juaristik, “egoera harrigarri baten aurrean gaudela” adierazi du. “Arrazoi politikoengatik espetxeratzea beti da arbuiagarria, baina testuinguru honetan, bakea egonkortzeko eta gatazka konpontzeko aukera historiko honetan, oraindik are ulergaitzagoa, onartezinagoa eta eskandalagarriagoa da. Bakerako oztopoa da, gainera -gaineratu du Juaristik-, lagundu beharrean, gatazkaren konponketa oztopatzen duelako”. Amaitzeko, deialdi berezia egin du larunbat honetan, hilak 17, arratsaldeko 17:30etan Donostiako kaleetan egingo den manifestaldian parte hartzeko, “Arnaldo Askatu, Politika Askatu” lelopean.

Sinatzaileen Zerrenda:

  • Marina Albiol (Izquierda Plural, GUE/NGL – Spanish State)
  • Martina Anderson (Sinn Fein, GUE/NGL – Ireland)
  • Malin Björk (Vänsterpartiet, GUE/NGL – Sweden)
  • José Bové (Greens, Greens/EFA – France)
  • Lynn Boylan (Sinn Fein, GUE/NGL – Ireland)
  • Matt Carthy (Sinn Fein, GUE/NGL – Ireland)
  • Mark Demesmaeker (Nieuw-Vlaamse Alliantie, ECR – Flanders)
  • Josu Juaristi (EH Bildu, GUE/NGL – Euskal Herria)
  • Rina Ronja Kari (Folkebevægelsen, GUE/NGL – Denmark)
  • Stelios Kouloglou (Syriza, GUE/NGL – Greece)
  • Merja Kyllönen (VAS, GUE/NGL – Finland)
  • Sander Loones (Nieuw-Vlaamse Alliantie, ECR – Flanders)
  • Ernest Maragall (Nova Esquerra Catalana, Greens/EFA – Catalunya)
  • Marisa Matias (Bloco de Esquerda, GUE/NGL – Portugal)
  • Liadh Ní Riada (Sinn Fein; GUE/NGL – Ireland)
  • Dimitrios Papadimoulis (Vice-President of the EP, Syriza, GUE/NGL – Greece)
  • Helmut Scholz (Die Linke, GUE/NGL – Germany)
  • Lidia Senra (Alternativa galega de esquerda en Europa, GUE/NGL – Galiza)
  • Alyn Smith (SNP, Greens/EFA – Scotland)
  • Bart Staes (Groen, Greens/EFA – Belgium)
  • Neoklis Sylikiotis (AKEL, GUE/NGL – Greece)
  • Josep-Maria Terricabras (ERC, Greens/EFA – Catalunya)
  • Miguel Urbán (Podemos, GUE/NGL – Spanish State)
  • Marie-Christine Vergiat (Front de Gauche, GUE/NGL – French State)
  • Tatjana Ždanoka (Latvijas Krievu savienība, Greens/EFA – Latvia)
  • Gabi Zimmer (Die Linke, GUE/NGL – Germany)

MEPS-montajea